XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Kondairaren oroitzapenean txertatuak geratzen dira, antzeskizuna eskaintzen zaion gizarteak bereganatzen dituenean, eta dudarik ez dago donostiar antzerkiak kondairan zehar bide asko jorratu duela, lekuko iraunkorra lortuaz. Hau da beraz, Donostiako gizartean ondo bezain sendo errotu izanaren arrazoia.

Gertakizun honi, begiradatxoa ematea interesgarria iruditzen zait. XIX. mendearen azken laurdenean Donostian Euskal giroa ona zen. Giro hau hiru zutabe nagusiek sostengatzen zuten. Honela banatzen ditut:

A.- Euskal Herria aldizkariaren inguruan biltzen ziren idazleak: Manterola, Baroja, Alen, Soroa, Arzak, Artolatarrak, Bilintx, Iraola, eta abar. Hauen lanak gizartearen zati jakin bati zuzenduak zeuden. Garai hartan ez zen euskaldun irakurle gehiegirik izango beraz, dudarik ez dago euskeraren berriztatzea lortu nahi zutela Euskal Herria aldizkariaren bidez.

B.- Beste zutabea, Antzerkiarena zen. Donostiako kaleetako hizkuntza Donostiako antzerkilariok taula gainean erabiltzen zuten. Ikuslearen ulermena eta gozamena ahalik eta handiena izan zedin.

D.- Eta azkenik eta zutabe inportanteena eta beste biak baino zaharragoa eta kementsuagoa Bertsolaritza da. Pentsa zer motako bertso giroa egongo zen Donostiako bailara honetan. Alde batetik Xenpelar, Bilintx eta hainbat garaiko bertsolari.

Historiak erakusten digun lez, antzerki berriaren zutabe nagusienetako bat Bertsolaria da. Daitekeena da euskal bertsolariak garai batean imintzioa ere kantuaren lagungarri izatea.